Peter Paul Rubens
Peter Paul Rubens (Siegen, Westfalia, 1577ko ekainaren 28a – Anberes, Espainiar Herbehereak, gaur egun Belgika, 1640ko maiatzaren 30a), Pieter Pauwel edo Petrus Paulus ere deitua, belgikar margolaria izan zen. Flandesko barrokoko artista entzutetsuenetakoa izan zen bere koadroen mugimendu, kolore eta sentsualtasun aberatsarengatik. Bere estilo oparoak dinamismoa, kolorea eta sentsualitatea nabarmentzen ditu. Eragin nagusiek Antzinako Greziako artetik, Antzinako Erromako artetik eta Pizkundeko pinturatik hartu zituen, batez ere Leonardo da Vinci; Michelangelo, zeinaren anatomiaren irudikapena miresten baitzuen, eta, denen gainetik, Tizianorengandik, beti bere maisutzat izan baitzuen, eta harengatik esan baitzuen: «harekin, pinturak bere esentzia aurkitu du».Anberesko eskola eratu zuen, eta artelan ugarik dute haren sinadura, baina, batez ere, kontrarreformako erretauletan, erretratuetan, paisaietan eta mitologiazko margolanetan nabarmendu zen. Mitologia gaietan erakutsi zuen sentsualtasun biziak bihurtu zuen, bereziki, pintura barroko oparoaren erakusgarri nagusi. Europa osoko nobleziak eta arte biltzaileek erosi zituzten haren lantegian ekoiztutako margoak. Filipe IV.a Espainiakoak zein Karlos I.a Ingalaterrakoak zaldun izendatu zuten.
Gai piktoriko ugari jorratu zituen: erlijiosoak, historikoak, mitologia klasikokoak, ehiza-eszenak, paisaiak, erretratuak, baita marrazkiak, liburuetarako ilustrazioak eta tapizetarako diseinuak ere (''Decio Musen historia'', ''Konstantinoren historia'', ''Eukaristiaren garaipena'' eta ''Akilesen historia'' serieak). Haren mila eta bostehun margolan inguru kontserbatzen dira. Hain ekoizpen handia lortu ahal izan zen ez bakarrik maisuaren irudimen eta teknika ahalmenei esker, baita kolaboratzaileekin egindako tailer zabal bati esker ere, non, dirudienez, katean lan egiten baitzuten. Haren ikasle edo laguntzaile izan ziren: Jacob Jordaens, Gaspar de Crayer, Theodor van Thulden, Erasmus Quellinus gaztea, Cornelis de Vos eta Antoon van Dyck, zeinaren eginbeharra Madrilgo Espainiako gorterako zenbait enkargu osatzea izan baitzen. Gaur arte, bere eskuz egindako ia bederatzi mila marrazki ezagutzen dira.
Felipe IV.a Espainiako erregearen margolari gustukoena izan zen, bere bezero nagusia, jauregiak apaintzeko dozenaka lan enkargatu zizkiona eta bera hil ondoren artistaren ondasunen almonedan eroslerik handiena izan zena. Horren ondorioz, Rubensen lanen bildumarik handiena Pradoko Museoan dago gaur egun, laurogeita hamar koadro ingururekin (kopuru zehatza aldatu egiten da iturria zein den, lan batzuen egiletza eztabaidan baitago), gehienak Errege bildumatik etorriak. Bere artearen adierazgarri nabarmena diren beste museo batzuk dira: Anberesko Arte Ederren Errege Museoa (Koninklijk Museum voor Schone Kunsten Antwerpen), Londresko National Gallery, Municheko Alte Pinakothek eta Vienako Artearen Historiaren Museoa.
Prestakuntza humanista zabala zuen, eta betidanik izan zuen Antzinate klasikoarekiko interes handia «Ziur nago pinturan perfekziorik handiena lortzeko antzinakoak ulertu behar direla» baieztatzen zuen. Hainbat hizkuntza menperatzen zituen, latina barne, eta Europako gorteen arteko diplomatiko izatera iritsi zen. Eugène Delacroix margolariak, bere miresle handiak, «pinturaren Homero» gisa definitu zuen, batzuetan aipatua izan den ezizena. Wikipediatik informazioa lortu
-
1nork Rubens, Peter PaulBeste egile batzuk: “...Rubens, Peter Paul...”
Argitaratua 1984
Sailkapena: [mehrbändig! Sign. s. bei den Bänden]Liburua -
2